Arrasate Errugbi Taldeko neskek ezin hobeto hasi dute denboraldia, bigarren jardunaldiaren baitan -lehenengoan Hernaniren kontra jokatu beharreko estreinaldiko partidua atzeratu egin zuten- Txingudiren aurka jokatutako norgehiagokan garaipen argia eskuratu baitute. Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako konbinatuak Txingudi hartu zuen San Roken zapatu arratsaldean eta, bertan, merezimendu osoz nagusitu egin zen: 83-0.
Hirugarren minutua bete orduko lortu zuten lehenengo entsegua etxekoek eta, atsedenaldira joan orduko, markagailuak jada 50-0 erakusten zuen, ordurako partidua erabakita zegoela. Bigarren zatian neurketak bide beretik jarraitu zuen, konbinatu euskaldunaren entseguak bata bestearen etzetik heldu zirela, amaierako 83-0ekora arte.
Norgehiagokako protagonista nagusia Maddi Berrio-Otxoa izan zen, hiru entsegu lortzeaz gain, zenbait transformazio ere gauzatu baitzituen, orotara 33 puntu batuz. Beste protagonista Haizea Zabala izan zen, jokalari arrasatearrak ere hiru entsegu lortu baitzituen. Gainontzeko tantoak Malen Lejarza (2), Wude Zabarte, Udane Azkarragaurizar, irene Dolara, Leah Moral eta Maider Prietorenak izan ziren.
Garaipen honekin Geureak denboraldiko aurreneko bost puntuak lortu ditu, sailkapen buruko multzoan sartzeko baliagarriak direnak. Konbinatu euskaldunak atsedenaldi jardunaldia izango du datorren asteburuan eta, azaroa estreinatzearekin batera, lehenengo jardunaldian Hernaniren kontra atzeratutako partidua jokatuko du.