ART neskek debuta egingo dute ligan zapatuan

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2025ko urr. 15a, 08:05

Elorrion jokatuko dute denboraldiko aurreneko partidua, San Roken, 17:00etatik aurrera Txingudiren kontra. Mutilek Bilbon izango dute hitzordua ordubete lehenago, El Fangon.

Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko neskek 2025/2026 denboraldia estreinatuko dute, aurreneko jardunaldian, iragan asteburuan jokatutakoa, Hernaniren kontra jokatu beharreko partidua atzeratu egin baitzuten, . Gauzak horrela, zaleen aurrean, San Roken, jokatuko dute estreinaldiko partidua, aurten Elorrio eta Urgozorekin batera partekatzen baitute taldea. Hitzordua zapatu arratsaldean izango da, 17:00etan, eta bertan Txingudi izango dute aurrean.

Esan bezala, Arrasate Errugbi Taldeko neskek aurten Elorrio eta Urgozorekin osatuko dute ekipoa, azken ikasturteetan Eibar bidelagun izan eta gero. Geurea Errugbi Taldea izango da konbinatu euskaldunaren izena aurtengo denboraldian. 18 jardunaldiz, maiatzera arte, luzatuko den liga txapelketan beste zortzi aurkari izango dituzte: Getxo, Uni Bilbo, La Unica, Gipuzkoa Sortzen, Hernani, Txingudi Durango eta Gaztedi.

Mutilak Bilbora

Neskek ez bezala, senior mailako mutilek pasa den astean hasi zuten liga, eta nola hasi, gainera. Izan ere, bigarren jardunaldiaren baitan Gipuzkoa Sortzen izan zuten bisitari Mojategin, eta Donostia aldekoen kontra denboraldiko aurreneko garaipena erdietsi zuten. Gauzak horrela, bi jardunaldi jokatuta bosgarren da Kanpanzar Arrasate lau punturekin.

Izan ere, asteburu honetakoa estreinaldiko jardunaldian, orain direla bi aste, jokatu beharreko partidua zen. Orduantxe, Uni Bilborekin hala adostuta, hitzordua atzeratu egin zuten arrasatearrek eta, esan bezala, zapatu honetan neurtuko dituzte indarrak elkarren aurka. Hitzordua El Fangon izango da, 16:00etatik aurrera, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek ikasturteko bigarren garaipena bilatuko dute.

Kartelera

Asteburuko kartelerari dagokionez, zapatuan beste hiru hitzordu izango ditu klub zuri-moreak. 18 eta 16 urtez azpikoek Faduran jokatuko dute Getxoren kontra, 18:15 eta 14:15ean, hurrenez hurren. 14 urtez azpikoak goiztiarragoak izango dira, hiruko txapelketa jokatuko baitute 10:30ean, Lakuan, Gaztedi eta Bera Berarekin batera.

Ohi bezala, igandean Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoen txanda izango da, asteroko entrenamendu saioa burutuko baitute Mojategin. Beti bezala, lansaioa goizeko 10:30ean hasiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak