Arizmendi Ikastolako ikasle ohiek zein egungo eta garai bateko irakasleek hezkuntza-komunitatea indartzeko eta ekimen berriak bultzatzeko jaiegun berezia bizi izan zuten pasa den zapatuan, urriaren 17an, Musakola auzoan. Antolatutako Olinpiadek eta eguneko egitarau zabalak belaunaldi desberdinetako kideak elkartu zituzten giro paregabean.
Jardunaldia argazki-erakusketa batekin eta Santa Teresa guneko berrikuntzak ezagutzeko bisitarekin hasi zen, eta bertaratutakoek eraikin zein patio berria ezagutzeko aukera izan zuten. Jarraian, guneko arduraduna den Arkaitz Garmendiak pregoia irakurri zuen, festari eta herri-olinpiadei hasiera ofiziala emanez.
Goizean zehar, auzoko hainbat plazatan jokatu ziren olinpiadetako probak eta jolasak. Adin ezberdinetako ikasle ohiak zein irakasleak lehiaketa osasuntsuan aritu ziren, garai bateko oroitzapenak berriro gogora ekarriz. Ekimenak jarraipena izan zuen eguerdian, Al Andalus Kultur Gunean egindako herri-bazkariarekin. Bazkalostean, giroak aurrera jarraitu zuen bingo musikatua, kontzertuak eta dantzak tarteko.
Ekimen honen lehenengo edizioak harrera oso beroa izan du parte-hartzaileen artean, eta hezkuntza-komunitateko kideen arteko loturak sendotzeko balio izan du. Arrakasta ikusita, antolatzaileek etorkizuneko edizio berriei ateak zabalik utzi dizkiete.