Arizmendik Ikastolak jaia egingo du ostiralean, ekainaren 12an

Erabiltzailearen aurpegia Arizmendi Ikastola 2026ko ekainaren 9a

Datorren ostiralean, ekainaren 12an, Arizmendi Ikastolak bere festa handia ospatuko du Arrasateko Biteri plazan eta inguruko guneetan.

Ikasturteari amaiera borobila emateko, ekintzaz betetako egitaraua prestatu du Ikastolak egun handirako; aurtengo nobedade nagusia Porrotxinen bisita izango da.

Goizeko ekintzak, 9:30etik aurrera

Goizean goiz, LH 4 eta DBH 1-2ko ikasleak 9:30etan bilduko dira Biteri plazan ginkana handi bat burutzeko. Ondoren, 10:30etan, Olarte guneko haurren txanda izango da: danborrada hotsak zabalduko dituzte herrian zehar, Olartetik hasi, Seberotik igaro eta Herriko plazaraino ibilbidea eginez.

Arratsaldeko jolasak eta kalejira nagusia

Eguerdi partean, 14:30etik aurrera, Biteri ingurua gaztez beteko da Arimazubi, Gazteluondo eta Santa Teresako ikasleen jolas eta lehiaketekin. Jarraian, 16:30ean, Santa Teresa, Olarte, Umezaintza eta Uribarriko familia, ikasle eta irakasleak kalejira koloretsuan hurbilduko dira Biteri plazaraino, komunitate osoa jaian batuz.

Ikuskizunak eta Porrotxinen bisita, 17:00etatik aurrera

Arratsaldeko festaren irekiera 17:00etan egingo dute txalaparta eta bertsolariekin. Ordu berean jarriko dira martxan tailerrak (henna, haur txokoa...), puzgarriak eta txosna. Ondoren, ekintzek jarraituko dute:

  • ● 17:15ean: Argitxori ongietorria.
  • ● 17:30ean: Streetdance ikuskizuna.
  • ● 17:45ean: GURAkoen ikuskizuna.
  • ● 18:00etan: Une berezienetako bat izango da, Porrotxinen bisitarekin txikienak irribarrez betetzeko.
  • ● 18:30ean: Gaztelupe eta Gazteluondoko dantzarien euskal dantza saioa izango da.

Jaiaren amaiera, musika eta DJ saioarekin

Egunari amaiera ezin hobea emateko, 19:00etatik aurrera DJ Goikok girotuko du Biteri plaza, ikasturteari agur esateko modu hoberenean bertaratutako guztiak dantzara deituz.

Puzgarriak, tailerrak, txosnak eta denda

Arratsalde osoan zehar, txosnetan ez dira taloak eta edariak faltako. Horrez gain, Ikastolako kamiseta eta jertse berriak zein Kilometroak 26eko arropa erosteko aukera egongo da.

Aurkezle lanetan eta oholtzatik giroa alaitzen Aitor Guridi arituko da, Zaldibar guneko arduraduna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak