Munduko kulturak eta gastronomia elkartu dira Arizmendi Ikastolaren Kulturartekotasun Jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Arizmendi Ikastola 2026ko maiatzaren 26a

Umezaintza gunean ospatutako festan, jatorri anitzeko dozenaka familiak parte hartu dute euren ohiturak, ipuinak eta sukaldaritza herritarrekin partekatzeko. Ekimenaren helburua Ikastolako komunitatea sendotzea eta elkar ezagutzaren bitartez kulturartekotasuna sustatzea izan da.

Arizmendi Ikastolako Umezaintza guneak Kulturartekotasun Jaialdia hartu zuen pasa den ostegunean; herrialde ezberdinetako herritarren kultura, ohiturak eta gastronomia gertutik ezagutzeko eta saretzeko festa koloretsua.

Jaialdiari hasiera bikaina eta hunkigarria emateko, Umezaintzako haurrek “Munduko Loreak” abestian oinarritutako ikuskizun berezia eskaini zieten bertaratutakoei, aniztasunaren eta elkarbizitzaren balioak aldarrikatuz.

Ondoren, jaian aktiboki parte hartu duten jatorri anitzeko familiei ireki zitzaien bidea. Horrela, Maroko, Sahara, Kuba, Irlanda edota Ekuatore Gineako ohiturak ezagutzeko aukera izan zen Umezaintza gunean. Bertaratutakoek herrialde bakoitzeko jaki tipikoak dastatzeko aukera gastronomiko zabala izan zuten, eta, horretaz gain, adin guztietako herritarrentzako ekintzak egon ziren aukeran: ipuin-kontaketak, henna tailerrak, talogintza ikastaroa eta txalaparta saioak, besteak beste.

Arizmendi Ikastolak oso balorazio positiboa egin du ekimenaren inguruan: "Arratsalde bikaina pasatu dugu elkarrekin dantzan eta jai giroan. Ikastolako komunitatea sendotzeko eta elkar gehiago ezagutzeko balio dute horrelako ekimenek. Eskerrik asko festa hau posible egin duzuen familia eta kide guztioi, munduko loreak garelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak