Goizean goiz, lehen hezkuntzako haurrak 9:30etan bilduko dira Biteri plazan ginkana bat burutzeko. Ondoren, 10:30etan, Olarte guneko haurrek danborrada egingo dute. Olartetik hasi eta Herriko plazara arte.
Arratsaldeko festaren irekiera 17:15ean egingo dugu txalaparta saioarekin, eta jarraian, 20. urteurreneko manifestuaren irakurketa egingo dute bi ikaslek. Ordu berean jarriko ditugu martxan tailerrak, puzgarriak eta txosna. Argitxori ongietorria egingo diogu ondoren Umezaintzako haurren ikuskizunarekin, eta 17:45etan Laia Bollón ikasleak makilekin jolasak egingo ditu. 18:00etatik aurrera, berriz, trikitilariak, dantzak eta denetariko ikuskizunak izango dira protagonistak.
Eta jaiari amaiera emateko, 19:30etan, Ikastolako gurasoa den Erik Martinek –DJ Erik– musika emanaldia eskainiko du.
Puzgarriak, tailerrak, txosnak eta denda
Txosnetan taloak, Venezuelako arepak, Portugal eta Marokoko jaki dastaketa izango dira protagonistak -jakin, taloak eta arepak erosteko, aurrez tiketak erosi behar izango direla-. Eta ez dira ura, freskagarriak eta garagardoa faltako. Horrez gain, Kilometroak 23ko arropa erosteko aukera ere egongo da, tanta boletoekin batera (ikastolen historiari buruzko txartel pedagogikoa eta 60.000 euroko sariaren zozketa biltzen dituena). Aurkezle lanetan eta oholtzatik giroa alaitzen, berriz, Aitor Guridi, Zaldibar guneko arduraduna arituko da.