Otsailean jakin zuten, sorpresa handiz, Rakel Murgiondo zuzendariak eta taldekoek Arizmendi Ikastola izango zela aurtengo lauetako bat. Arizmendi Ikastolako abesbatzako 59 kidek hartuko dute parte, eta eurekin batera arituko dira txapelketan Madrileko Las Veredas eta Sinan Kay taldeak eta Valentziako Coro Gallarda abesbatza.
Launa abesti kantatuko dituzte: derrigorrezko abestiaz gain, bi aukera librekoak eta laugarrena "obra fantasma" deiturikoa. Azken hori proba berezia da, txapelketan berria. Momentuan bertan esango zaie zein den kantatu beharrekoa, eta abestia prestatzeko 90 minutu izango dute; gainera, abesteaz gain, eszenan erakusten dutena ere baloratuko da. Izan ere, epaimahaian eszenan aditua den lagun bat ere egongo da, musikari edo zuzendariez gain. Derrigorrezko abestia, berriz, Francisco Ruiz Montesek txapelketarako espresuki konposatutako Vista Madrileña izango da, R. Valle-Inclánek idatzitako poema batzuetan oinarrituta. Azkenik, Arizmendi Ikastolako Abesbatzak T. Garbizuren Pasayan Xexenak eta M. Huffek moldatutako Imagine abestuko dute.
Txapelketa larunbatean, maiatzaren 27an, izango da Getafeko musika-eskolan, eta Madrilerantz aurreko egunean, ostiralean, abiatuko dira. Asteburu osoa emango dute bertan tartean jolas-parkea eta Madril bisitatuz.