Goizean goiz irekiko dira postuak etxaflero jaurtiketarekin eta txistularien kalejirarekin. Aurten ere, postuetan baserriko produktuak, artisautza-lanak eta tresneria ugari eta anitzak ikusi eta erosi ahal izango dira. Txistulariek ekingo dioten jai-girotzeari Urkabustaizko joaldunek eta trikitilariek jarraituko diote egunean zehar. Urteroko txapelketak ere ez dute huts egingo: gazta dastatzea ikastola parean egongo da, txorimalo lehiaketa 18.ez antolatuko da eta, jakina, feriako postuentzat ere izango da saririk. Horiek guztiak 14:00etan banatuko dira herriko plazan. Arratsaldean, berriz, beste txapelketa bat, txapel-jaurtiketarena, hain zuzen ere; aurten, bosgarrenez.
Haur eta gazteentzako tailer eta puzgarriak Santa Marina plazan jarriko dira, eta ikuskizunik ez da faltako. Arizmendi Ikastolako abesbatzak, esaterako, “Herrika kantuan” emanaldia egingo du ikastola parean. Maider Belategiren Art-Fusion erakusketa ere ikusgai izango da, Eskoriatzako dantza taldearena ere bai…. Herri bazkariaren ostean, berriz, AZ gaubelarekin, emanaldia.
Eskoriatzako feria Arizmendi Ikastolak antolatzen du hainbat eta hainbat elkarte zein herritarren laguntzari esker, hala nola, Eskoriatzako udala, herriko taldeak, komertzioak eta ikastolako irakasle eta familiak.