Aurreko asteari jarraituz, gaur ere, mozorro festa Haur Hezkuntzan
Uribarrikoak aurreko astean hasi ziren inauteriak ospatzen. Urtero gai bat aukeratu ohi dute hangoek, eta horren gaineko mozorroekin etorri ikastolara. Gaueko animaliak izan dira aurten: hontzak, sagu zaharrak…
Gaur, berriz, etxetik ekarritako mozorroekin desfilea egin dute, hamarretakoa eta dantzaldia. Umezaintzan irakasleak pailazo jantziko dira eta goizean goizetik hasiko da jaia. Desfilea egingo dute ume bakoitzak bere mozorroa erakusteko, eta arratsaldean askari handia. Eta horrela amaituko dute Olarteko nagusiek ere gaurko eguna, askari ederrarekin eta dantzaldiarekin, desfilea egin eta gero. Txikiek, berriz, goizean arituko dira mozorro festan. Irakasleen Sagutxo kaskarina antzerkia ikusteko parada izango dute, gainera. Dena den, hauek ere hasita zeuden aurreko astean aratusteak ospatzen, izan ere, indioz mozorrotuta hainbat tailer egin zituzten joan zen ostiralean eta Gazteluondoko bi ikaslek egindako antzerki bat ikusi zuten.
Eskoriatzan, txiki-txikienek irakasleek egindako indio mozorroa jantziko dute eta gainerakoek herriko pilotalekuan egingo dute festa handiena, bi eta hiru urtekoek, Argitxoren mozorroarekin, Argitxoren abestia kantatuz eta dantza eginez eta nagusiek pirata mozorrotuz eta Altxorraren bila kantua aurkeztuz. Eguna jai giroan bukatzeko, gunean bertan, Sagutxo kaskarina antzerki saioa izango dute arratsaldean.
Lehen Hezkuntzakoek arratsaldez ospatuko dute
Arimazubin arratsaldean denok mozorrotuta etorriko dira, ikasleak eta irakasleak. 15:00etan desfileak egingo dituzte aretoan eta 16:00etan, eguraldiak laguntzen badu, patioan gurasoentzat “Txapeloaz” dantza egingo dute. Gazteluondokoak ere arratsaldean jardungo dira inauteri giroan. Gelaka argazkiak aterako dituzte eta maila bakoitzak bere dantza aurkeztuko du: Txulalai, Txino dantza, Txapeloaz, Zazpi jauziak, Axuri beltza eta Valcarlos. Amaieran, txokolatea! Santa Teresakoek ere desfilearekin hasiko dira eta, LHko 6. mailakoek gidatuta, mozorro txapelketa antolatu dute. Hainbat sari banatuko dira: mozorro barregarriena, beldurgarriena, originalena eta talderik onenarentzat ere izango da saririk. Jaiari amaiera emateko txokolatea!