European Youth Parliament-eko Euskal Herri mailako eskualdeko saioa egingo da datorren larunbatean, hilak 31, MUk Aretxabaletan duen Huhezi fakultatean. Lau talde aurkeztuko dira bertara, nahiz eta guztira zortzi izan gure eskualdean parte hartzeko izena eman dutenak. Beste lauak aurreko asteburuan aritu ziren Bilbon, guztiak batera egiteko kopuru handia zelako. Bilbokoan bezala, larunbatekoan ere Arizmendi Ikastolako talde bat arituko da.
Europako Gazte Parlamentuak ikasle gazteekin aurrera eramaten duen ekimena da EYPko saioena. Taldean gai sozio-politiko bat abiapuntu hartuta eta hori ondo prestatuta, ikasleak parlamentari lanean jartzea du helburu. Beraz, gaia beste taldeen eta epaimahaiaren aurrean aurkeztu behar dute eta horren gainean hartzen duten erabakia defendatu ingelesez. Hiru fasetan banatzen dira: eskualdekoa, nazionala eta Europakoa. Bada, lehenengo hori da larunbatean Aretxabaletan egingo dena.
Goizez eta arratsaldez gaiak eta erabakiak aurkezten, eta horiek defendatzen
Goizean goizetik hasiko da ekitaldia, 09:00etan, hain zuzen ere, taldekideen aurkezpenarekin eta harremana sustatzeko dinamikekin. 11:30ean irekiera ekitaldia egingo da eta ondoren bi taldek euren gaiak eta erabakiak aurkeztuko dituzte (Azpeitiko Urola ikastolakoek, nola lor dezake Europar Batasunak herritarren parte hartzea eta interesa Europari dagozkion gaietan, adibidez hauteskundeetan? eta Urretxu-Zumarraga ikastolakoak nola egin dezake Europar Batasunak hiritarren pribatasuna eta aldi berean herrialdeen segurtasuna bermatzeko?). Bazkalostean, berriz, beste bi taldeen aurkezpena egingo dira. Lehenengo Arizmendi Ikastolako taldearena. Horiek defendatu beharko duten gaia nola jokatu beharko luke Europar Batasunak independentzia lortu nahi duten herrialdeekin eta horrek sortu duen egoerekin? Eta ondoren, azkeneko taldearen txanda izango da, Aguraineko Aniturri institutuko ikasleena. Horiei egokitu zaien gaia zer egin dezake Europar Batasunak ikasle zein herritarren interesa areagotzeko Teknologia eta Zientzien alorrean.
Aurten ikasleak saioetan partaide ez ezik, antolatzaile ere bai
Arizmendi Ikastolak laugarrenez parte hartuko du EYPko saioetan, baina lehenengoz jardungo da antolatze-lanetan. Orain bi urte Europarako sailkatu zirenek egingo dute lan hori larunbatean, Iker Bengoetxeak eta Irati Lopezek, hain zuzen ere. Gainera, laguntzaile lanetan arituko dira Ainhoa Gonzalez, Alaitz Gabilondo eta Mirian Goitia. Hiru horiek iaz sailkatu ziren Europarako, eta martxoaren hasieran Hamburgora joango dira Europa mailako txapelketan parte hartzera.