Euskal Herri mailan deitu den manifestazio hori 16:00etan izango da Ziburun bertan. Bi aste hauetan manifestazioaren aldeko babes keinuak ari dira iristen zenbait lekutatik. Joan zen ostiralean, esaterako, Ikastolaren Etxean hainbat euskal eragilek euren atxikimendua azaldu zuten. Azken egunetan jakin da, gainera, neurri gogorragoak hartu dituztela ikastolaren aurka. Hala nola, eguneko 100 euroko isuna 400era gehitzea eta argindarra eta ura kentzea.
Irailean gatazka horren berri izan zutenetik, Arizmendi Ikastolakoak hainbat ekintza egiten hasi ziren elkartasuna adierazteko. Guraso eta ikasleen ekimenez sortuak izan dira batzuk (Maritxutako loreak, Goikobalu erromeriako gozokiak, San Migeletako azoka…) eta beste batzuk ikastolako forotik bideratuta. Azken horien artean dago azaroaren 28rako antolatzen ari diren krosa, kros solidarioa, hain zuzen ere. Arizmendi Ikastolarekin batera Aranzadi eta Txantxiku ikastolak, ikasleekin lehenengo eta herritarrekin ondoren, herri lasterketa bat antolatuko dute bailarako bost herritan (Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Oñati).
Krosean laguntzeko herrietan batzordeak sortu dira. Bestetik, ikasleekin azaroan zehar gaia eskola orduetan landuko da, horretarako hainbat euskarri prestatu direlarik (Haur Hezkuntzako ikasleentzat ipuina, LH eta DBHrako powerpoint aurkezpena…). Gainera, eguna girotzeko ikasle nagusiek txapak egingo dituzte, pegatinak…, umeentzako jolasak eta tailerrak ere egongo dira, eta behin betiko egitaraua osatzear badago ere, Laida Mujika ikastolako zuzendaria eta bertan ari diren haurrak eta horien gurasoak Arrasatera etorriko dira ekimenean parte hartzera.