Korrikalariek 5.7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Arrasateko kaleetan zehar markatuko den zirkuituari hiru bira emanez. Aurrekoetan bezala hasiera (20:00etan) eta amaiera Ferixalekuan izango da. Besteak beste, kirola sustatzeko helburuarekin jarri zen abian ekimen hau orain sei urte, eta, parte-hartzea zein sortzen den giroa ikusita, Lanbide Heziketakoek beste urtebetez antolatu nahi izan dute lasterketa.
Badu berezitasunik lasterketa honek, izan ere, gure bailaran gauez eta herriko alde zaharrean egiten den lasterketa bakarra da. Bestetik, herriko komertzioei esker eraman da aurrera urte hauetan guztietan ekimena, diruz edo beste zenbait baliabidez lagundu baitute.
Aldez aurretiko izen-ematea (8 euro) Herrikrosa.com webgunean egin daiteke, ikastolako idazkaritzan edo 943 772025 telefonora deituta. Egunean bertan ere egin daiteke (10 euro). Korrikalariek kamiseta bana izango dute opari, eta sariak ez ezik beste opari batzuk ere banatuko dira, dendarien produktuen zozketa egongo baita parte hartu dutenen artean. Lasterketa ondoren, Ferixalekuan bertan luntxa egongo da.