Ziburuko ikastolarentzat 1.030 euroko laguntza

Erabiltzailearen aurpegia Arizmendi Ikastola 2014ko ira. 30a, 16:11

Ziburuko ikastolarentzat 1.030 euroko laguntza lortu dute Basabeazpi eta Almenekoek San Migeletako azokan. Aurrerantzean beste hainbat ekimen aurreikusten dira Kaskarotenea ikastolari laguntzeko.

Ziburuko Kaskarotenea ikastola oso egoera larrian dago, izan ere, udalak utzita zion eraikina ez uzteagatik, ikastolak eguneko 100 euroko isuna ordaindu beharra dauka.

 

Arizmendi Ikastolak egoera hori ezagututa, diruz laguntzeko asmoa hartu du, eta horretaz gain, egoera horren berri eman nahi du eta salatu. Horretarako, besteak beste, San Migel jaietan, ostiral eta larunbatean postua jarri zuten Basabeazpi eta Almenekoek. Ostiralean txistorra pintxoak jarri ziren eta larunbatean Almeneko ikasleek egindako jaki goxoak. Gainera, 1€ren truke zozketa berezia egin zen, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Saridunak pozik jarri ziren sariekin. Guztira 1.030€ jaso ziren, eta Arizmendi Ikastolakoak oso pozik daude erantzunarekin. Dagoeneko badabiltza hurrengo ekintza antolatzen euren elkartasuna adierazteko: Maritxu Kajoi egunean loreak salduko dituzte.

 

Ziburuko ikastolaren eraikina berez udalarena da, bere garaian utzitakoa ikastola sortzeko. Hala ere, uzteko agindua eman zitzaien, eta Paueko administrazio auzitegiak zazpi eguneko epea eman zion ikastolari horretarako, baina bertan jarraitzea erabaki zuten. Bada, agindua betetzen ez duen egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaindu beharko du ikastolak. Erabakia ikasturte hasieraren bezperan iritsi zen.  Hori gutxi ez eta udalak, argindarra eta ura moztu ditu. Argi mozketari aurre egiteko, argindarra sortzeko makina alokatu dute ikastolan eta behar beste ur botila erosi dituzte. Baina gastu horiek eta ehun euroko eguneko isuna, batuta, 200 bat euroko gastua ekarriko dio ikastolari eguneko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak