Aurten asteguna aldatuta dator Arizmendiren Ikastolaren Eguna. Larunbat goizetik ostiralera pasatu dute ospakizuna ikastolakoek. Ez da, gainera, aldaketa bakarra. Izan ere, ikastolako artisau eta artistak izango ditu protagonista aurtengo jaiak. Hori dela-eta ikasle, irakasle, ikasle ohi eta gurasoen partaidetza izango du ardatz Ikastolaren Egunak.
Jaiari 17:00etan emango zaio hasiera tailerren, puzgarrien eta artisau-postuen irekierarekin. Horiek guztiak Biteri plazan egongo dira, baina Seber Altube plaza ere beteko da, 18:00etan ikastolako Lehen Hezkuntzakoek Olinpiadak egingo baitituzte, hirugarren mailakoek jolas tradizionalenak eta bosgarrenekoek herri-kirolen olinpiadak. Ordu horretan Biteri plazan oholtza gainera igoko dira ikastolako hainbat artista. Hala nola, Beñat Arrieta, gitarra-jotzailea; Julen Azkona, piano-jotzailea; ikastolako musika talde instrumentala eta Lehen Hezkuntzako ikasleak, Akrosport erakustaldia egiteko.
Haurrentzako momenturik politena 19:00etakoa izango da, izan ere, Argitxori ongietorria orduantxe egingo diote. Horrekin batera, Maider Alzelai ikastolako gurasoak ipuin kontaketa egingo du. Jaiaren amaierako ordubetean, ikastolako abesbatzak hiru kantu eskainiko ditu, BHklip bideo-lehiaketaren sari-banaketa ere egingo da eta Almeneko irakasleen eta Mery May ikasle ohiaren musika-emanaldiak egongo dira.
Arratsaldean zehar xaboi-ponpa erraldoiak egingo dira, trikitilariak alaituko dute giroa eta txosnetan, euskal kantuak abesteko aukera izango da.