DBHko 3. eta 4. mailakoei zein batxilergokoei begira antolatu da seigarrenez BHKlip bideo-lehiaketa. Bertan parte hartzeko adina ez ezik bizilekua ere izan behar da kontuan, izan ere, Debagoienekoa izan beharra dago izena emateko.
Aurtengo gaia Trukatuta ere berri da, eta bideoa gehienez hiru laguneko taldeetan aurkeztu behar da apirilaren 30erako. Bi sari banatuko dira: Epaimahaiaren Saria eta Ikuslearen Saria. Irabazleei bideo-kamera digital bana banatuko zaie.
Iaz bezala, Goiena, Huhezi, AZK eta Bagara elkar lanean izango dira Arizmendi Ikastolarekin lehiaketa honen antolaketan. Bihar, ostirala, esaterako, Huheziko Aretxabaletako fakultatean formazio saioak izango dituzte lehiaketan izena eman duten ikasleek Bagara eta Ikus-entzunezko komunikazioko irakasleen eskutik. Goienak, bestalde, BHKlip blogean dagoeneko argitaratuta ditu lehiaketaren oinarriak. Informazio gehiagorako bertara jo daiteke.