Hesiak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ramirez de Okariz 2018ko apirilaren 27a

Bada pertsona berde, zuri, more edo arrosak errespetatu behar direla esan, baina azal kolore ilunagoa duen batekin gurutzatzean, eskua poltsikoan sartzen duenik.

Bada balkoian Ongi etorri errefuxiatuak jartzen duen banderatxo horia izan, baina aurkako jarrera azaltzen duenik.

Bada elkarbizitza positiboaren alde egiten duen euskaldun super iraultzailerik, baina behar denean bizkarra ematen duenik.

Bada euskara aniztasunaren baitan integraziorako tresna izan daitekeela esan, baina jatorri desberdinetako umeak batzen dituen eskola batean seme-alaba apuntatzen ez duenik.

Bada giza eskubideak aldarrikatu, baina orain bi hilabete jatorrizko herrialdetik ihes egin behar izan duenari diru laguntzak ematean, lapurretaz hitz egiten duenik.

Bada mugak ixtearen aurka egon, baina inoizko hesirik handiena jartzen duenik.