Dagoeneko galdu ezineko festatzat daukat. Parte-hartzaile guztiek –dantzari, musikari, pertsonaia, eta jaian murgildutako edonor– giro paregabean pasatzen dugu eguna; bai dantza egiten, baita bazkaltzen ere. Ikusi besterik ez dago urterik urte nola errepikatzen dugun esperientzia. 400 bat pertsona izan gara aurten! Eta zein ondo pasatu dugun….
Baina jaiaz gozatu ahal izateko, ezinbestekoa da antolatzaile talde batek hartzen duen lana eta ardura. Egunean bertan egitarau osoko xehetasun guztiak ondo lotuta egon behar dira; eta ez da erraza halako jendetzarekin moldatzea! Horrez gain, aurretik egin beharreko lanketa guztia dago: bilerak, entsegu guztiak… Zelako buruhausteak, eta zelako pazientzia entseguetan daukatena!
Hitz hauek, beraz, Oñatiko Inauterien antolaketan diharduen lantalde osoarentzat dira; eskerrik beroenak eta zorionak egiten duzuen lanagatik. Gora Oñatiko Inauteriak!