Errefuxiatu(ekiko) (hipo)krisia

Erabiltzailearen aurpegia Arantzazu Ugarte 2022ko apirilaren 2a

Ez naiz arrazista, baina… hara; pentsaera iluna zuritzeko beste saiakera bat. Itxurakerien lehian nor baino nor hobeak gara. Eta ez da arraza kontua bakarrik; desberdinaren kontzeptua mehatxuaren sinonimotzat daukan gizarte ustez aurrerakoia da gurea.

Egunero daukagu Ukrainako basakeriatik ihesi datozen errefuxiatuen berri. Europa osoak, Polonia buru, besoak zabalik hartuko ditu auzokideak, gerratik babesteko. Gizatasun pixka bat nahikoa da, honek horrela izan behar duela ulertzeko. Baina oraingoan hain ondo ulertzen badugu, zergatik ez dugu berdin jokatzen errefuxiatu guztiekin? Ez al du gure babesa merezi edonolako injustizia eta sufrimendua jasaten ari den edonork? Zurikeria hutsa.

Joko bikoitzaz ohartuta, hasi gara bakearekin batera, berdintasuna aldarrikatzen. Baina kontuz; batzuen hipokrisia ez dadila bihurtu besteen aitzakia. Sarrionandiak senez esan bezala, "nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak". Izan gaitezen, bada, sustrai horientzat lur emankor.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak