Mugikorra miatzea, jeloskortasun patologikoa sentitzea edo bikotekidea umiliatzea eguneroko kontu bihurtu da haien harremanetan. Horrela, kontrola normaltzat hartzen dute, lehen maitasunaren ilusioa ezagutu beharko luketen adin batean.
Orain arte, prebentzioaren ardura, batez ere, nesken gain jarri da, arrisku-seinaleak antzematen eta beren burua babesten irakatsiz. Baina hori ez da nahikoa. Gure semeekin ere hitz egin behar dugu, maitatzea ez dela bestea kontrolatzea edo norberaren jabetzatzat hartzea uler dezaten. Premiazkoa da mutilei eredu osasungarriak eskaintzea. Eredu osasungarriak behar dituzte, benetako indarra errespetuan eta bestearen askatasuna onartzean dagoela erakutsiko dietenak. Aldaketa hori komunitatearen eguneroko laguntzarekin lortzen da. Maitasunak ez du kontrolatzen, ez du umiliatzen eta ez du askatasuna kentzen. Azaroaren 25ean, plazetara!