Diskurtso hori errepikatzen dutenek ukatu edo baztertu egiten dituzte feminismoak egiten dituen eskaerak eta bultzatutako aurrerapausoak; aurrerapauso horiek, gainera, gure eguneroko bizitza eraldatzen ari dira, pertsona guztion onerako.
Ez dakit zer den okerragoa: ukazioa ala ezjakintasuna. Denbora hartu behar da ulertzeko zer den patriarkatua eta zer den feminismoa; horrela ulertuko dugu zergatik batzuek egitura bidegabeak mantendu nahi dituzten eta zergatik besteok eraitsi egin nahi ditugun.
Feminismoa ikuspegi intersekzionala duen mugimendua da, eta aitortzen du zapalkuntzak ez duela generoagatik soilik eragiten, baizik eta baita klase sozialagatik, arrazagatik, sexu-orientazioagatik eta gaitasun fisikoagatik ere. Inor ez dago salbu. Zuk, zure seme-alabek edo zure ingurukoek oztopo bidegabeak izango dituzue aurrean, botere-elite bateko kide ez bazarete, behintzat. Eta hori ez da inongo eskoriatzarren kasua.
Informatu zaitez, prestatu iritzi sendo eta arrazoitua, eta parte hartu igandean egingo diren mobilizazioetan. Izan ere, asko lortu bada ere, askoz gehiago dago oraindik lortzeko. Beste mundu bat posible da, baina ausardia kolektiboa behar da gizarte duinago, askeago eta gizatiarragoa eraikitzeko. Denon bizitzak erdigunera!