Jostunak; herritarren borondateak jositako istorio bat dokumentala aurkeztuko du, martxoaren 6an, 19:00etan, Gure Esku Dago dinamikaren Aramaioko Batzordeak.
Borondateen eta identitateen mosaiko bat da gure herria, kolore eta trazu oso desberdineko herritarrak elkarrekin bizi diren lur eremua. Durango eta Iruñea artean 2014ko ekainaren 8an marraztu zen irribarreak borondate horiek guztiak jostea zuen helburu eta jostun-lanean jardun zuten horretarako milaka herritarrek.
Jostunak herritarrak protagonista bilakatu dituen ekimen horren kontakizuna da, titular handietara iritsi aurretik ezberdinen artean sortu den konplizitate horren kronika. Iraganeko ezina gaurko ekimen eta biharko itxaropen bihurtu dituzten jostunen istorioa.
Parte-hartzaileen artean daude, besteak beste, Garbiñe Biurrun epailea, Gemma Zabaleta Jaurlaritzako sailburu ohia, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi izandakoa, Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Tomas Urzainki historialaria.
Zuzendaria: Eriz Zapirain
Gidoia: Eriz Zapirain eta Ion Telleria
Bideo Postprodukzioa: Mikel Fuentes
Soinu Postprodukzioa: Beñat Gantxegi eta Lolo Ruiz
Soinua: Beñat Gantxegi eta Lolo Ruiz
Muntaia: Eriz Zapirain
Muntaia laguntzailea: Mikel Fuentes
Argazkiak: Pixel
Diseinua: Iraia Aspuru
Ikusi hemen trailerra