Jende multzo polita elkartu zen barikuan, Aramaioko Sastiñan, Gure Esku Dago Aramaiok deitutako ekitaldian.
Orain arte egindakoari gainbegiratua egin ostean, 2015erako antolatu den Erabakia #ehuntzen egitasmoaren berri jaso zuten herritarrek.
Orain badakite hurrengo ekitaldi handia ekainaren 20an izango dela. Herrialdez herrialde, hautetsontzi erraldoiak eraikiko dira, aurrez herri bakoitzean apirilaren 25ean elkarri jositako oihal-zerrendak ehunduz. Hori izango da EHUNDU (hautetsontzia), ADOSTU (edukia) eta GAUZATU (erabakitzeko eskubidea) hirukoaren lehen atala.
Ekimen horretan parte hartzea oso erraza da. Aurrena, oihal zati bat erosi behar dugu 1 €-en trukean, zerrenda osoaren 20rena alegia, oihal bakoitza 20 lagunentzat da eta. Gero, Saretu txartela beteko dugu geure datuekin (haurrek ez dute bete beharrik izango; nahikoa izango da eroslea umea dela zehaztea). Segidan, nahi dugun irudia, bertsoa, leloa… edo, besterik gabe, izena jarriko dugu dagokigun tela zatian. Horrela, gure lekukotza utziko dugu hautetsontzian. Beraz, pertsona bakoitzak behin bakarrik egin behar du prozesu hori.
Tela kaskuak Baserri Barri elkarteak duen ekonomatuan eta hainbat bariku-arratsaldetan eta antolatuko diren ekitaldietan Gure Esku Dago Aramaiok herrian jarriko duen mahaian erosi ahal izango dituzue. Animatu eta hartu parte ekimenean!
JENDE ZORIONTSUA HERRI LIBRE BATEAN