Emakumeok txikitatik entzun ditugu “ez etorri bakarrik etxera”, “kontuz ibili” edo “mozkortzen bazara, edozer egingo dizute” bezalako mezuak, gure esku balego bezala, edo gure ekintzak izango balira moduan emakumeok pairatzen ditugun eraso horien kausa.
Eta buelta emango bagenio? Haurrei, mutilei, gizonei, emakumeok errespetatuak izan behar dugula behin eta berriz errepikatuko bagenie? Gizon jaio izanagatik pribilegiorik ez dutela eta, beraz, emakumearekiko botererik ez dutela erakutsiko bagenie? Eta emakumeok, errespetatuak izatea merezi dugula errepikatuko bagenio geure buruari? Gure gorputzaren jabe garela eta hori defendatzeko zilegitasun osoa dugula sinetsi?
Jaietan ere, erroetara joateko ordua da. Izan ere, jaietan ematen diren erasoak, matxismoaren zati bat besterik ez dira. Mugimendu feministatik norabide honetan urrats garrantzitsuak egiten ari dira, autodefentsa feministaren bidez, emakumeok gure buru zein gorputzen jabe izan gaitezen. Aldatu ditzagun buruz ikasitako diskurtsoak, eta eraiki dezagun genero zapalkuntzarik gabeko jendarte feminista!