Ez dugu Espainiaren barruko autonomia bat edo bi (Nafarroarekin) gehiago izan nahi; ez dugu pertsona, emakume, langile eta herri bezala zapaltzen gaituen estatu baten parte izan nahi. Ez dugu 40 urte gehiago iraungo duen erreforma batean parte hartu nahi, Espainia eta Frantziarekin kateak apurtu nahi ditugu. Horregatik egiten dugu Hauteskunde Espainoletan parte hartzeko deialdia, Estatu bat eraiki eta gure hauteskundeetan bakarrik parte hartzeko. Bozka, mobilizazioa eta borroka, erakusteko independentzia nahi dugunak indartsu gaudela eta asko garela. Erakusteko preso eta iheslari politikoak etxean nahi ditugunak gehiengoa garela. Erakusteko pertsona, emakume eta langile gisa ditugun eskubide guztiak defendatzen ditugunak gehiengoa garela. Behar beste indar batu behar ditugu kalean eta instituzioetan bagoazela sinesteko eta sinestarazteko. Gaur eta hemen hori da erronka, irteera lerroan ehunka mila herritar kokatzea, nahikoa indar dugula erakusteko eta lehenbailehen independentzia eta eraldaketa sozialerako abian jartzea, helmugara iristeko, indarrez! Espainian ez dago aldaketa sozialerako aukerarik, EHn eta Herrialde Katalanetan estatu berriak eraikitzea da aldaketarako aukera bakarra.
Egunero bakea, justizia eta askatasunaren alde lan egitera gonbidatzen zaituztegu. Zentzu horretan, abenduaren 12an Bergarako Pilotalekuan gure eserlekua beteko dugu eta zuk ere Epaiketa Politikoen aurkako zure eserlekua bete dezazun deia egiten dizugu.
Abenduaren 20an hautetsontziak gure bozka banarekin beteko ditugu eta zuk ere zure bozkarekin bete ditzazun gonbidatzen zaitugu. Laster Euskal Estatuko hautetsontziak betetzeko abenduaren 20an Espainiakoak bozka independentistaz, EH Bilduren aldeko bozkaz bete behar ditugu.
----------
Aitziber Plazaola 'Xibo', Arianna Arizabaleta; Jose Ramon Kortabarria 'Moztu'
(Bergarako Ezker Abertzalea)
Bergara