Eman eskua!

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Plazaola 2014ko abe. 10a, 00:00

Hiru hilabete pasatu dira ia, Madrilen, lehoi eta putre artean 28 gazteon lana ustez epaitzen hasi zirela.

Gure militantzia, gure herritik 400 kilometrora epaitzea nahi, eta horretarako, inongo graziarik egiten ez duen zirkua martxan dago; tximino bipolarra, soldata irabazteko froga esanguratsuenekin txostenak osatu nahian dabilen malabarista, mozorrotuta desfilean agertu diren pailazo sarkastikoak... paper guztiak banatuta!

Ez da erraza, ez, holako zirku baten parte hartzea. Duela lau urte bizitakoak gogoratzea, bizitza tximino, malabarista eta pailazoen eskuetan dantzan ikustea... zenbat barre eta negar, malko eta besarkada. Eta azkenean, emankizunaren amaieran zozketatuko den sarirako txartelez beteta dauzkat patrikak. 

Patrikak txartelez, baina gorputza zirraraz daukat beteta. Jasotako babes, konpromiso eta elkartasunak sortutako zirraraz, maitasunez eta berotasunez. 

Eskerrik asko zuen babesa erakutsi, eta libreago izateko bidean konprometitu zareten denoi. Zirkuan ikusle papera eman nahi izan dizuete herritarrei, baina abenduaren 13an protagonista izango gara berriz. Herritik 400 kilometrora epaitu nahi izan arren, Bergarak sententzia emana daukalako, epaitegia inguratzera goaz! Eman eskua!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak