Leirek eta bere familiakook sekula ahaztuko ez dugun eguna.
IGAM Taldea, kolaboratzaileak, bergararrak eta gainerakoak... Horiek guztiek egun biribil bihurtu zuten.
Ezin dugu berbekin adierazi zer sentitu genuen horrenbeste jende ikusita gure alabari laguntzeko gertu.
Bada, Leire horrenbeste maite duten eta harendako onena nahi duten horiei guztiei esan nahi diet tratamendu farmakologikoa hasi duela AME gaixotasunarendako.
Bartzelonan ari da tratamendua jasotzen. Ekainean hasi genuen, eta, ordutik hona, Bartzelona eta Bergara artean bizi gara, baina berdin zaigu.
Garrantzitsuena da hura osatzeko edo osasun egoera hobetzeko esperantza bat egotea.
Honek guztiak bidaia eta proba asko egitea dakar, sakrifizioa, baina zer axola dio, haren osasuna jokoan egonda.
Leire pozik eta ilusioarekin dago, eta nekeagatik, minagatik-eta kexatu ere ez da egin. Oso neska borrokalaria da, eta horrek indarrak ematen dizkigu besteoi, aurrera segitzeko indarra.
Ez dakigu noraino iritsiko den, ezta zenbateraino hobetuko den tratamendu horrekin, baina argi daukaguna da, harekin bizi eta borrokatu dugun guztiaren ondoren, gutxi hobetuta ere asko izango dela.
Berriz ere esango dugu: eskerrik asko, eskerrik asko, esker mila denoi! Mundu guztiak jarri zuen aletxoa Leirerengan islatzen da.
Batez ere, eskerrik asko IGAM Taldeari eta haren inguruan egon zirenei eta, oraindik ere, Leireren ongizateaz arduratzen direnei. Badakigu eskerrik asko berbak motz geratzen direla 2017ko ekainaren 17a ezkero gure ariman eta bihotzean sentitzen dugun guztia eskertzeko.
Zutik zurekin.
Maite zaituztegu.
----------
Ana Pineda Moreno
Leire Martinen eta familiaren izenean
Bergara