Bere programazioan, beste edozein saio baino gehiago, Jersey Shore reality-a aurkitzen da fikzioaren eta errealitatearen muga fin horretan. New Jersey-ko nerabe dirudun eta apetatsu kuadrilaren gorabeherak kontatzen dituen saio honek audientzia itzela bereganatu omen du Espainian. Hainbesterainokoa da arrakasta, non Jersey Shore bat "a la española" ekoiztean pentsatzen ari den MTV.
Albiste hau jakin dudan egun berean jakin dut baita ere Telemadrid katean Quiero ser torero reality-a emititzen ari direla maiatzaz geroztik, Operación Triunfo-ren antzerako formatuan; torero izan nahi duten gazteak lehiatu egiten dira arrakastaren bidean. Eta egun berean jakin dut, Leticia Sabaterrek bideo tamalgarri bat eskegi duela Youtube-n, eta bikotea bilatzeko baldintza bakarra jarri duela: adin nagusikoa izatea.
MTV-ri proposamena bidaltzekotan nago... Guadalixeko Gran Hermanoko kuadrila aprobetxatuta, gonbidatu ditzatela torero pare bat eta Leticia Sabater. To! Horra, Guadalix Shore elegantea.