Antena3 utzi eta ETBko txalupatxoa gobernatzera bueltatu da programazio zuzendaria. Berria-n argitaratu zen Sarasolaren elkarrizketak ETB1en etorkizuna baikortasunez begiratzera animatu ninduen berriro.
Apustu ausarta egin nahi dute euskarazko katearen prime time ordutegia indartzeko. Horrela, bada, Iban Garateren profesionaltasunari plaza emango dio late night show batek otsailetik aurrera, Ai ama! izenarekin.
Aipatu dute ere Bi eta bat saioaren remake-a egingo dutela, fikzio horrek arrakasta itzela izan zuen bere garaian eta pertsonaien itzulera oparoa espero du Sarasolak.
ETB1en prime time-a sendotzearen erabakia ezin da epaitu merkatuaren joko-arauen ikuspegitik, ordu horretan beste kateen konpetentzia izugarria da-eta.
Baina errepresentazioaren aldetik ezinbestekoa da erabakia. Izenik ez duena ez dela existitzen diote, eta euskarazko prime time duin baten beharra badagoela begitantzen zait.