Baina bada orain buruan oso presente dudan gai bat: euskararen hiztun periferikoak.
Aspalditik barneratuta daukat honako hau: guztiok gara zapalduak eta guztiok gara zapaltzaile. Gai askori aplikatu izan diot hau, baina bada duela urte gutxira arte konturatu ez naizen kontu bat. Ni, euskalduna naizen aldetik, zapaldua naiz –eta, are gehiago, euskaldun eta euskaltzale proaktiboa izanda–. Hori betidanik garbi ikusi dut. Horrexegatik, askotan, aurreiritziz beteta, bere burua euskaldun eta euskaltzaletzat duen norbait gazteleraz entzuteak sutu egin izan nau. Baina saiatu ote naiz haren errealitatea ulertzen? Urteak daramatzat Lizarrako gazte euskaltzaleak ezagutzen, eta, zorionez, horrek begiak ireki dizkit. Berdina al da euskaldun proaktiboa izatea Bergaran eta Lizarran? Esfortzu bera eskatzen ote du? Ez al ditugu beste testuinguru batean bizi diren euskaldunak gure pribilegioetatik kritikatzen? Nik hala egin dut duela urte gutxira arte.