Zenbat hizkuntza berri, zenbat kultura berri… Eta zenbat lagun berri! Esango nuke momentu hark nire bizitzan bi etapa bereizi zituela. Mundua deskubritu nuen sentsazioa neukan. Indarra eman zidan hizkuntza gutxituen aldeko borrokan jarraitzeko. Begiak itxi eta HIGA hartara itzultzen naiz, baina sei urte baino gehiago pasa da jada.
Zortez, 2023an beste HIGA bat bizitzeko aukera izan nuen, eta, kasu hartan, beste perspektiba batetik! Nola deskribatu bost urte lehenago egindako lagunetako batzuekin hurrengo HIGA antolatzeko lanetan aritzeko plazera? Eta berriro ere: zenbat esperientzia berri, zenbat lagun berri! Hitzez azaldu ezinezko esperientzia hura ere. Urtebete baino gehiago pasa da jada. Begiak itxi eta urteek alde egiten dute. Tira, berriro itxiko ditut begiak orduan; izan ere, badator hurrengo HIGA! Berriro ere esperientzia paregabe hori bizitzeko aukera egongo da 2025ean, eta, horretarako, izen ematea zabalik dago! Nork utziko lioke horrelako opari bati ihes egiten? Nik ez, behintzat.