Abenturak bizi. Bizi. Batzuetan, nahikoa lan bizitzen. Nahikoa lan bizitzan. Baina abenturak bizitzen ditugu?
2023. urtea amaitu eta 2024ari ongietorria egin diogun honetan, atzera begiratzeko gogoa daukat, bizitako abenturen bila eta hurrengo abenturak identifikatu nahian. Lagunekin nahiz bikotearekin bizitako mila abentura ditut gogoan, eta horietako asko euskararekin zuzenean lotuta daude: Lizarrara hainbat bidaia bertako gazteen artean euskarak duen lekua aztertzeko; Gasteizko Hala Bedi irratian euskarari buruzko hainbat elkarrizketa Euskal Herrian ditugun erreferenteetako batzuei; Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen topaketa eta munduan zehar egindako lagunak... Zerrenda amaiezina izan daiteke! Ezin esan euskaltzaletasunari esker abenturak bizi ez ditudanik. Auskalo 2024ak zenbat abentura ekarriko dizkidan, baina ziur inoiz ahazten ez diren horietako asko euskararekin lotuta egongo direla. Badakizu, irakurle! Gure pailazo maiteek esaten duten bezala, urteak bete eta abenturak bizi –euskaraz–!