Hala ere, gure herriak erreferente egokiak –eta ezagunak− ere baditu; adibidez, Joxe Mari Agirretxe Porrotx nahiz Itziar Ituño. Lehenengoak Euskal Herrian duen fama gainerakoei laguntzeko aprobetxatzen du; esaterako, gaixotasunak dituzten haurrei. Gainera, euskararen alde hainbat gauza egiten ditu, eskolatik kanpo euskararik entzuten ez duten umeei euskarazko inputa emateaz gain. Bigarrenak ere hainbat balio transmititu izan ditu; euskara, besteak beste. Hala, helduaroan euskaldundu eta euskararentzat oztopatzailea den testuinguru batekoa izan arren, sare sozialetan euskaraz idazten du beti, euskarari ikusgarritasuna emanez.
Aipatutako biak adibideak baino ez dira. Beste hainbat aktore, idazle, bertsolari nahiz musikari antzeko erreferenteak izan daitezke. Beraz, oso eredu egokiak ditugu Euskal Herrian, euskararekiko proaktiboak izateaz gain, beste hainbat balio ere zabaltzen dituztenak.