Nire bizilekua balitz bezala sartu ditut buruan irudi lasaigarri horiek. Beroa, itsasoaren mugimenduaren hots leuna… lasaitasuna. Hurrengo argazkia ez da, ordea, kanpoko paradisu horietako batean ateratakoa, ez, hau Euskal Herrikoa da: Lizarrakoa. Brigade Loco herrikideek kontzertua eman dute bertan eta herritik 130 pertsona joan omen dira bertara, kontzertuaz gozatzera. Musika, giro ona, alaitasuna, dibertsioa. Noiztik ez ote naiz joan ni kontzertu batera?
Pentsatzen gelditu naiz, inbidiak jota. Ikusitako argazkiek inbidia sortu didate plan ezin hobeak direlako ala oporrak, jaiegunak, behar ditudalako? Beroak eragindako insomnioak, ikasketek eta lanak eragindako nekea albo batera uztearen ezina ote inbidia sorrarazlea? Tira, guztiak uda aprobetxatzen ari direla ikusteaz pozteko eta inbidia alde batera uzteko ordua da, jantokia itxita dagoen fakultatera joan behar naiz eta, azkenaldian hutsik dagoen eraikinean lan egitera, lankide batekin batera.