Interbentzio sionistaren aurrean, Palestina askatu!

Erabiltzailearen aurpegia Aizpea Otxandiano 2014ko uzt. 27a, 00:00

Beste behin ere, estatu sionistak palestinar herriaren aurka hasitako eraso militar baten aurrean gaude, zoritxarrez.

1948ko okupaziotik bizirik dirauen zapalketa honetan, harresiak eta kolonia ilegalak eraiki edota hilketak eta atxiloketak burutzen dituzten horiek, konponbiderako pausoak eman ordez, zapalkuntza inperialistan sakontzen jarraitzen dute. 

AEBek eta EBk beste aldera begiratzen jarraitzen dute, israeldarren basakeriei bizkar emanez. Komunikabide nagusiek, berriz, herritarrak desinformatzen dihardute. Bi parte berdinen arteko gatazka bezala plazaratzen dute eta benetako errealitatea estali, Israelgo estatu sionistak palestinar herriarekin egiten duen etengabeko zapalkuntza kontuan hartu gabe, eta bide batez, erasoari sostengua emateko baldintzak sortuz.

Jada ia 600 dira erail dituzten palestinarrak, milaka eta milaka dira euren etxeetatik alde egin behar izan baina leku segururik ez dutenak, 1.300 eraikinetik gora suntsitu dituztenak, eta beldurra oso azkar zabaldu da lurreko ofentsiba hasi zenetik. Gaza kartzela bilakatu da eta ez dute ihes egiteko toki segururik. 

Egoera honen aurrean, palestinarrek ez dute beste biderik euren herria defendatzea baino. Gatazka desproportzionatu honetan, herri bati dagokion duintasun eta irmotasun guztiarekin, tinko heltzen diote beraien askatasun aldarri eta borrokari.

Eraso inperialista honen aurrean estatu sionista eta bere kolaboratzaileak salatzea da euskal herritarrok egin dezakeguna, hau baita palestinarrei gure babes eta elkartasuna adierazteko modurik eraginkorrena. Boikot Desinbertsio eta Zigorren (BDZ) kanpaina sakondu behar dugu sionismoak lekurik izan ez dezan gurean eta palestinar herriari bere askapen borrokan laguntzeko.

Beraz, Askapenaren izenean BDZren kanpainarekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu eta, era berean, egoeraren larrialdia salatzeko dei egiten dugu. Egin diezaiogun boikota Israeli!

Gora Palestina askatuta!

----------

Aizpea Otxandiano

(Arrasateko Askapenaren izenean)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak