Puntua aldizkariaren 490. zenbakiko Beste artxiboa atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Hobekuntza haiek olen egokitzeetan, azpiegituren eta bideen hobekuntzan, ikerkuntzako eta hezkuntzako inbertsioan eta, nola ez, sustapen konstruktiboan islatu ziren. Antzinako etxeak, aurrerapenaren aurkakoak itxuraz, eraisten joan ziren eta bertako orubeetan etxetzar dotoreak eraiki ziren, eragin herreriano nabarmenekoak. Eraikin horietako bat Monterrongo lehen kondeak, Juan de Andicano y Lopez de Celaak, Arrasaten eraikitzea agindu zuen.
Gaur egun oraindik arrasatear ugarik ez dakite Monterrongo kondearen etxea Erdiko kalean zegoela, Olarteko kantoiaren ondoan. Monterron Jauregia bezala ezagutzen duguna, Zarugaldeko errebalean kokatua, jatorrian haren arrebaren –Maria Saenz de Andicano azafata– eta koinatuaren –Mateo de Aranguren kapitaina– etxebizitza izan zen.
Kultura handiko gizona
Juan de Andicano Celaa zaldunaren inguruko datu biografiko batzuk jakin badakizkigu: Arrasaten bataiatua izan zen 1629ko ekainaren 11n, Diego de Andicano eta Isabel de Celaa senar-emazteen laugarren haurra izan zen, eta 1691n hil zen. Juan kultura handiko gizona izan zen, eta erresumako administrazioan garrantzizko karguak bete zituen. 1667an fiskal akusatzaile ziharduen, Valladolideko Real Audiencia y Chancillería izenekoan, eta, urte gutxira, 1675ean, Casa y Corte delakoaren alkate izendatu zuten, Carlos II.aren agintaldian.
Antzinako Erregimenaren instituzio hark bizitza publikoaren alor guztiak kontrolatzen zituen gortea zegoen tokian, beraz, Felipe II.aren agintalditik aurrera, Madrilen. Bertako alkatea estatuaren goi-kargu bat zen, epaile lanak egiten zituen eta haren erabaki judizialak erregeak bakarrik aldatu zitzakeen.
Carlos II.a erregeak Santiagoko Ordenaren Zaldun titulua emateko tramiteak hasi zituen 1675ean, eta 1676an jaso zuen Juan Andicanok. XVII. mendeko edozein gizon handiren helburua zen elkarte elitista horren parte izatea; bertara ez zuten sarbiderik kristautasunera bihurtutako familiek, hau da, jatorri judu eta musulmaneko familiek.
Juan Andicanok beste aitortza bat ere jaso zuen Austrien azken erregearen partetik; izan ere, 60.000 errealen truke Guadalajarako Montarron hiriko jauntasuna erosi ostean, Monterrongo Konde titulua jaso zuen Carlos II.aren eskutik, 1689an, egindako zerbitzuengatik. Monterrongo kondetza betirako titulu bat da; beraz, herentzian jaso zuten haren ondorengoek.
Koadroaren bilaketa
Eta zer egingo luke Mondragoeko bizilagun batek bere herrikideei erakusteko bizitzan lortuak zituen ohore eta aitortza guztiak? Berehala gogora etorri zitzaidan Diego de Velazquez, Santiagoko Ordenaren kide ezagunetako bat. Bere burua erretratatu zuen Meninen koadro ospetsuan, bertan gurutze gorria soinean daramala; hau da, ordena militarraren ikurra daramala. Beraz, Velazquezek horixe egin bazuen, natura margotzen zuen artisau xume bat baino gehiago zela erakusteko, zergatik ez zen existituko Juan Andicanoren erretratu bat, haren lorpenak goraipatuko zituena? Lekuren batean kondearen koadro bat egon behar zela pentsatu nuen, eta bilaketa lanetan denbora bat eman nuen museoetan, arte-galerietan, antikuarioen dendetan eta enkanteak egiten dituzten enpresetan. Eta, horietako batean, azkenik, gure Monterrongo kondearen koadro bat aurkitu nuen, 2020an.
Erabat mitifikatuta
Barrokoko erretratuek ohi dutenez, pertsonaiaren ezaugarri nabarmenak erakusten ditu: agiriak, haren ezpata –oso zentzuzkoa litzateke Mondragoeko altzairuzkoa izatea–, kapa luze bat Santiagoko gurutzea duena –Ordenako Zalduna baitzen– eta Andicano familiaren armarria. Hori guztia gehiegizko giro batean, koadroaren goialdean gortina handi eta dotore bat dagoela. Gainera, pertsonaia erabat identifikatuta ageri da, behealdeko kartelak nor zen erakusten baitu.
Badirudi egilea Barrokoko margolari bikain baten eskolakoa zela: Juan Carreño de Miranda, Carlos II.aren ganberako margolaria. Oso interesgarria litzateke koadroa aztertzea egiletzari eta pertsonaiari buruzko informazio zabalagoa lortzeko.
Azkenean, jakin nuen nolakoa zen Monterrongo kondearen aurpegia. Orain jakin behar dut ea haren gorpuzkiak errebaleko San Frantzisko komentuan jarri zituzten edo ez, 1691n hil ostean, horixe baitzen haren borondatea.