Kultura-herentzia ulertzeko modu horrek be inbidiak-urtzen nau: nire jaioterrian, Mondragoen, ondarearekiko —eta bereziki artistikoarekiko— sentikortasun bera balego, jai nuke!
Bada betidanik txunditu nauen beste alderdi bat: ondarearen gaineko esku-hartze bakoitzari heltzeko profesionaltasuna. Zaharberritzaile, arkitekto, artearen historialari eta argiztapen-ingeniariek estu lankidetzan dihardute emaitzarik onenak bermatzeko. Horren lekuko dira Sancti Spiritus Unibertsitatean egiten ari diren lanak, edota San Migel parrokian amaitu berri den esku-hartzea. Azken horretan, argiztapen-aholkularitzan parte hartzeko ohorea izan nuen; proiektu horri esker, iraganeko argi beroa berreskuratu da, tenpluan hain agerikoa ez zen hausnarketarako eta introspekziorako giro egokia itzuliz.
Datorren astelehenean, martxoaren 2an, 17:00etan, parrokian bertan, “LUX” izeneko hitzaldia emateko plazera izango dut. Bertan, argiak Mendebaldeko artean eta pentsamenduan izan duen garrantzia jorratuko dut, Antzinaroan hasi eta gaur egunera arte. Oñatiko herri osoa gonbidatzen dut saio honetan parte hartzera, ezagutzarekiko zaletasuna parteka dezagun eta, elkarrekin, gure lurraldeko ondarearen balioa argitu dezagun.
Azkenik, oñatiarrei gogorarazi nahi nieke inguruko herrietan benetako miresmenez ikusten dugula zuen legatuari eskaintzen diozuen arreta. Askorentzat, Oñati da geure burua islatuta ikusi nahi genukeen ispilua. Ea zuen eredua beste herri batzuetara zabaltzen den, eta garena eta izan garena babesteko pasio hori bera kutsatzen digun guztioi.