Zenbat aldiz ikusi ote du orain arteko gerra? Zenbat aldiz busti ote da odolaz, malkoez, laino gris batez? Eta hala ere, hemen dago, sua gorritzen denean, haizearen mugimendu arinarekin dantzan, bere ehun mehe baina irmoan, etengabe gogorarazten diguna ezin dela sua betiko izan.
Aurtengo negua bereziki iluna izan da Gazan. Sua hezurretaraino sartu da, harrizko paretak apurtu, haurren ametsak hauts bihurtu, poeten ahotsak isilarazi. Baina kufiyak ez du amore eman, harrotasunez lotua borrokalari baten kopetan, emakume baten sorbaldetan, haurraren esku txiki batean. Begietara begiratu dio sua hauspotu duen piztiari eta dantzan hasi da haren aurrean, azaleko zarakarrek eragiten dioten minari kasu egin gabe. Eta sua nekatzen hasi da, dantza biziaren erritmoaren aurrean makurtuz, oihalaren adoreari ezin eutsiz.
Eta San Juan gauan, Euskal Herriko bazter batean, emakume bat altxatu da, kufiya sorbaldetan daramana. Haren oinen koreografiak irudikatzen du itxaropena. Alkate andrearen bizkarrean Mondragoetarrak eta Gazatiarrak anaitzen dituzten ehunak elkarri-lotuta. Oihal horrek badaki zer den sua eta badaki, baita ere, zer den bizitza, zer den berriz etsaiei aurre egitea, zer den errautsen gainetik herria berreraikitzea. Eta horrela, dantzan segitzen du kufiyak, sua gainditu duen oihal ausartak, eguzkiak bere gorena lortu duen egunean. Palestinak bakea merezi du eta Mondragoeko errementarien ordezkariak bake hori aldarrikatu du oinetako espartinak sutan erre dituenean.