Bihotzez zorionak Arrasateko erraldoi eta buruhandien konpartsari, 40. urteurrenean

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Otaduy

Atzo, Arrasateko kaleetan giro ezin hobea eta alaitasun handia sortu ziren herriko erraldoi eta buruhandien konpartsaren 40. urteurreneko ospakizunean. Lau hamarkada ibilbide luze eta aberatsa dira, eta are gehiago kulturaren zerbitzuan jarritako elkarte baten kasuan.

Argi geratu zen konpartsaren eragina eta balioa: haur eta helduak, bertakoak eta kanpotik etorriak, guraso gazteak etxeko txikiak sorbalda gainean zeramatzela, aitona-amonak bilobekin, mugikortasun mugak zituzten adinekoak... denak batera bildu ziren kaleetan, musikaren erritmoan eta erraldoien koreografiez gozatzeko. Konpartsa honek, txistulari eta gaitero taldeekin batera, herritar oso anitz eta heterogeneoa erakartzea eta poztu egitea lortzen du, belaunaldi eta jatorri guztietako jendea elkartuz.

Askotan oharkabean geratzen da zenbat ordu, entsaio eta sakrifizio egon diren erraldoi eta buruhandi bakoitza kalera ateratzerakoan. Lan isila horren ondorio da du gaur egun ikusleen irribarreak pizten dituena, eta horregatik, ezinbestekoa da eskerrak ematea egun konpartsan ari diren kideei eta baita azken 40 urteotan bertatik igaro direnei ere. Haien dedikaziorik gabe ez genuke gaur egun dugun altxor kulturala izango.

Berezia izan zen etorkizuneko konpartsa nola datorren ikustea: neska-mutil gaztetxoak, gogotsu eta indartsu, prest daude erraldoiak eta buruhandiak beste hamarkada askotan zehar herriko kaleetan dantzan jartzeko. Konpartsaren etorkizuna ziurtatuta dago, ilusioz eta eskuzabaltasunez. Gaurko San Joan bezperako gauan berriz ere gozatuko dugu zuekin eta herriko dantzari eta musikariekin. Bihotz-bihotzez, zorionak eta mila esker egindako lan guztiengatik. Gora Arrasateko erraldoi eta buruhandien konpartsa! Gora gure herriko kultura bizia!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak