Lan behartua eta askatasunaren aldeko oihua
Espainiako Gerra Zibilaren amaierak, 1939an, milaka pertsona erbestera bidali zituen, tartean euskal herritarrak, frankismoaren errepresiotik ihesi. Euskal gudari askok, Errepublikaren aldekoak, azken unera arte borrokatu zuten, fronteetatik erretiratu arte. Frantziara iritsi ziren ihesi, baina han ez zuten askatasunik aurkitu: Bigarren Mundu Gerra piztu zen, eta 1940tik aurrera, Alemaniaren eta haren aliatuen kontrolpean zegoen Frantzia, Philippe Pétainek gidatutako Vichyko gobernu kolaborazionistaren esku geratu zen. Horrela, euskaldun askok berriz galdu zuten askatasuna.
Frantziako agintari kolaborazionistek milaka errefuxiatu errepublikazale, tartean euskaldun ugari, atxilotu eta Ipar Afrikako kontzentrazio- eta lan-esparruetara bidali zituzten. Esparru horiek, izatez, Saharako basamortuaren bihotzean zeuden infernu bihurtuak ziren: Bou Arfa, Djelfa, Colomb-Béchar eta beste hainbat tokitan, milaka lagunek lan behartuetan parte hartu behar izan zuten, batez ere Burdinbide Transsahararra eraikitzen. Proiektu erraldoi hura Frantziako inperioaren amets kolonialaren parte zen, eta orduko gobernuak, atxilotuen bizkar, gupidarik gabe gauzatu zuen.
Basamortuko lan-baldintzak ikaragarriak ziren: bero itogarria, janari eta ur eskasia, higiene eza, eta gaixotasunak ohikoak. Horrez gain, guardia frantsesek tratu txarrak ematen zizkieten, eta desertuan ihes egitea ia ezinezkoa zen. Hala ere, euskal gudari haiek ez zuten amore eman. Faxismoaren aurkako konpromisoak eta senidetasunak bizirik mantendu zituen, lan bortitzen artean elkarri lagunduz. Eta bai, nazioarteko laguntza bilatu zuten ahal zuten neurrian.
Txiletik gutun bat Roosveltentzat
Bigarren Mundu Gerra betean, 1943ko otsailean, Txilen erbesteratutako euskal errefuxiatu talde batek gutun garrantzitsu bat bidali zion AEBetako presidente Franklin D. Roosevelti. Santiago hirian idatzitako gutun hartan (Diplomatic Correspondence, 16618357, 26), Afrikako kontzentrazio-esparruetan preso zeuden euskal gudariak askatzeko eskaera luzatu zuten. Egoera larriaren berri emateaz gain, honakoa azpimarratu zuten: esparru haietan atxilotuta zeuden borrokalariek “zalantzarik gabe” bat egingo luketela Nazio Batuen armadarekin, faxismoaren aurkako borrokan.
Eskaera hura ez zen hitz hutsetan oinarritzen. Gogorarazten zuten gudari horiek bi urte eta erdiz faxismoaren oldarraldiari eutsi ziotela Europan, ausardiaz eta fedez borrokatu zutela Espainian, eta une hartan aliatuen alde aritzeko prest zeudela. Ez zen soilik aldarri humanitarioa: eskaera hura militarki eta estrategikoki ere zentzuzkoa zen.
Faxismoaren aurkako frontea osatzen zuten Nazio Batuen estatu demokratikoek giza baliabide kualifikatuak behar zituzten, eta euskal gudariak ez ziren borrokalari soilak: faxismoaren aurkako erresistentziaren sinbolo bizidun bihurtuak ziren. Horregatik, haien askatasuna eta aliatuen tropetan integratzea moralki eta politikoki indar handiko keinua izango zen, garaipenaren eta justiziaren aldekoa.
Era berean, gutun hark erbestean bizi ziren euskaldunen arteko elkartasunaren eta oroimen kolektiboaren adierazgarri argia ere bazen. Txilen eta Amerikako beste herrialde batzuetan finkatutako euskaldunek harreman estua zuten Bigarren Mundu Gerran borrokan jarraitzen zuten senide eta kideekin. Roosevelti zuzendutako gutunean islatu zen, halaber, Ameriketan erbesteratutako euskaldunek zuten eragina eta errespetua nazioarteko agintarien aurrean.
Azken batean, gure gudariak faxismoaren aurkako borroka globalaren parte izan ziren, eta Historiak zor dien lekua eman beharko diegu. Haien izenak Saharako lur idorretan galdu dira, haiek oroitzeko altxatu ziren estelak desagertu direlako, edota kontserbazio-egoera tamalgarrian daudelako. Sahara basamortu zabalak faxismoaren aurkako azken lubakietako soldaduak isilpean irentsi zituen, baina haien ahotsa ez da betiko galdu: oroimena da azken gudua.