Debagoieneko herritarrok ondo baino hobeto ezagutzen dugu Bergarako ondare-aberastasuna. Alde zaharreko txoko bakoitzean agerian jartzen dira bertako balioak eta arkitektura zibileko bitxien artean Olaso dorre ikaragarria nabarmentzen da. Olaso Dorrea Fundazioak antolatzen dituen bisita gidatu paregabeetan parte hartzera gonbidatzen zaituztet. Jarduera horien bidez, dorrearen bitxikeriak, bertako biztanle ospetsuen biografiak eta gure historia hurbila sakon ezagutzeko aukera izango dituzue. Baina, batez ere, ahozabal utziko zaituzten ondare historiko-artistiko bikaina aurkituko duzue.
Etxebizitza oparo honetako gelen barruan, azken urteotan izan dudan ezusteko ziraragarrienetariko batek harritu ninduen duela gutxi; santu baten erlikia-busto ederrak. Eta, azterketa ikonografiko zehatz bat amaitu ondoren, Juan de Mesa artista ospetsua egilea dela uste dut. Hau da, Bergarako artelanen beste mugarri handi baten eskultore bera, San Pedro elizako Kristo Agoniakoarena.
Juan de Mesaren bi obra udalerri berean izatea benetako pribilegioa da. Olasoko bustoak, Agoniako Kristotik metro gutxira dagoena, are gehiago aberasten du Bergarako ondare artistikoa, eta erreferentziazko helmuga kultural bihurtzen du herri eder hori. Niri, pertsonalki, aurkikuntza txiki hau zuekin partekatzea pozez betetzen nau, eta Olaso dorrearen edertasunarekin eta bere ondasunekin txunditzera gonbidatzen zaituztet. Bestalde, funtsezkoa da erakundeek arreta egokia jartzea gure ondarea aztertu, zaharberritu, mantendu eta zabaltzeko. Horrela bakarrik bermatu ahal izango dugu etorkizuneko belaunaldientzat bere kontserbazioa, eta Bergararako zein eskualdeko garapen kultural eta ekonomikoaren eragile bihurtu.