Itsaso bare?

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Otaduy 2023ko ira. 26a, 16:53

Uda honetan harritu egin nau Gipuzkoako barnealdea bisitatu duten turista batzuen nazionalitateak: danimarkarrak, zeelandaberritarrak, tanzaniarrak, japoniarrak...  Jada ez dira soilik Madrilgo, Kataluniako eta Valentziako turistak gure lurraldearen ontasunez gozatzera datozenak. Ez eta penintsula iberikoaren hegoaldeko beste leku batzuetarako bidean hemendik pasatzeko ohitura zuten frantsesek eta britainiarrek ere.

Ekainaren amaieran sumatzen zen uda garaian bisitari olatu handi bat iritsiko zela Gipuzkoara, baina ezin nuen imajinatu uztaila eta iraila bitartean aurkitu nuen turista tsunamia.

 

Gipuzkoako barnealdea bisitarientzako erakargarritasun ugari eskaintzen dituzte eskualdeez osatuta dago. Eta, naturaz, kulturaz eta gastronomiaz gozatzeko leku aproposa da. Badakit ez direla asko turismotik bizi diren Debagoieneko bizilagunak, eta, hala ere, erraztasunak eman behar dizkiegu beren negozioak garatzeko, haiek baitira gure lurraldeko enbaxadorerik onenak. Eta horrek mesede egiten die gure produktuei, gastronomikoei zein industrialei. Joera nabaria da, klimagatik, bizi-kalitateagatik, turismo-eskaintzagatik, gero eta turista eta bisitari gehiago etorriko dira Gipuzkoara. 

Hori horrela izanik, ondo legoke:

  • Mahai sektorialak antolatzea; Debagoieneko eragileen arteko lankidetza eta kolaborazioa sustatzeko eta herri handienak txikienekin solidarioak izateko.
  • Uda garaian irekita egoteko aukera ikusten duten negozioei laguntzea horretarako aukera izan dezaten.
  • Ostatu-zerbitzuak egoera ezin hobean mantentzeko hobariak eta dirulaguntzak sortzea.
  • Abuztuan gure herrietako kultura agendak mantentzea, ez bakarrik bisitari eta turistengan pentsatuz, batez ere Deagoienan gelditzen diren herritarrak kontuan hartuz.

Herritarrok onartu beharko dugu turisten joan-etorri hori etengabe haziko dela, uhina goraka doa, eta orain gure esku dago modu kontzientean eta ordenatuan artikulatzea, Debagoienako herritarren eskubideak murriztu ez daitezen. Turistekin bai, baina gugan eta gure bizi-kalitatean pentsatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak