Odisea

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Otaduy 2016ko mai. 27a, 00:00

Orain dela hiru urte, lagun talde bat elkartu ginen amesten genuen proiektu bat eraikitzeko asmoz.

Urteak generamatzan ondarea gogoko zuten afizionatuekin elkarlanean, eta ulertu genuen iritsi zela garaia Debagoieneko ondare naturala eta kulturala profesionaltasunez ikertzeko eta ezagutarazteko. 

Hori lortzeko, formakuntza akademiko egokia izateaz gain, urte askotako lan esperientzia genuen gutako bakoitzak. Baina, batez ere, erronkari aurre egiteko nahiko indar genuen, aurrean aurkitu genituen traba guztiak eta babes eskasa ekiditeko.

Pasatako hirurtekoan ikasi dugu edozein helbururi heltzeko beti ez dela komenigarria ondo seinaleztatutako bidea jarraitzea. Batzuetan, bide malkartsuak aberasgarriago bilakatzen dira, bertan ez baitira Scillaren arrokatik gertu bizi diren sirenen kantu goxoak entzuten. Urte hauetan, Odiseoren ontzidia bezala, gure proiektuak hainbat ezbeharri aurre egin behar izan dizkio. Baina ekaitza beti baretu da.

Hala ere, bidean, lagun batzuek nekearen eraginez amore eman dute eta Itsaso sakonean ito dira. Aurrera jarraitu dugunok tristuraz agurtu behar izan ditugu, baina argi dugu gurekin batera Iraganeko Oinatzak begiztatu nahi dituztenen arnasaren indarrari esker Itakara iritsiko garela.

Odiseok hamar urte pasa zituen, nora ezean, bere irlan porturatzeko. Guk, momentuz, hiru urte oso aberasgarri eman ditugu eta jarraitzeko gogoz gaude, egunetik egunera, Debagoieneko erakundeen bermea, baina, batez ere, herritarren interesa eta laguntasuna jasotzen dugulako.

Lerro hauekin herritar horiei, bereziki, eskerrak eman nahi dizkiet, gurekin bisita gidatu eta ikastaroak burutzeagatik, baina, batez ere, gure ikerketa eta ekintzen zabalkundea euren sare sozialen bitartez burutzeagatik. Guztion artean Debagoieneko Troia azalaraziko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak