Asaben memoria

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Otaduy 2014ko mai. 16a, 00:00

Neguko arratsalde hotz haietan, ezkaratzeko beheko suaren aldamenean apatx eginda gaztainak erretzen genituen bitartean...

... ximurrez inguratutako zure begi alai eta biziei begira gelditzen nintzen, hipnotizatuta, su garren isla zure begiko ninietan burutzen zuten sorgin-dantza jarraituz.

Une goxo haietan zure gaztaroko bizipenak kontatzen zenizkidan eta nik adi-adi entzuten nituen.

Gogoan dut, Viteri eskolara joan aurretik, Mondragoeko etxeetan esnea saltzen zenuela. Baina behin, Arrogoiko bidean behera, astoak esnez beteriko tupinak bota eta herriko bezeroak esnerik gabe utzi zenituen. Gainera, ekaitzen beldur zinen, txikitan Udalatxeko larreetan artaldea zaintzen zeundela tximista batek, zure begien aurrean, arkume bat jo baitzuen. Pertsonaia ospetsuak ezagutzeko aukera ere izan zenuen Fabiola eta señorito Jimmy-ren etxean izan zinenean. A zer-nolako zirrara egingo zizun, behin baino gehiagotan, Balenciagari etxe hartako atea zabaltzeak!

Duela hamabost urte, zure istorioak historia bihurtzeko nahian, ikerketaren bide luze eta nekagarrian murgildu nintzen. Pausoz pauso zure, eta baita nire, memoria argitzen hasi nintzen. Arrasateko Meatzerreka auzotik Bergarako Aldai-egia auzora eraman nauzu, eta badirudi gure bailarako inguru eder horretan amaitzen dela gure ibilaldia. 

Baina, tartean, gure gizartea bitan banatu zuten gatazketan hildako senideak betiko agurtu ditugu; baserria erre eta berreraiki dugu; Amerika ezagutu dugu; Mondragon altzairua ustiatu eta urruti garraiatu dugu, eta balio gabeko zamak bide bazterretan utzi ditugu. Bide luze horretan aurrera beharrean, beti atzera egin dugu, gure arbasoek utzitako iraganeko oinatzak jarraituz.

Heldu da atzera-bide berri bat hasteko garaia, baina oraingoan ez zara nirekin batera etorriko. Nafarroara noa, Lizarrara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak