Hainbeste jardun, etorkizunari begiratu ordez aurkariak dituen ahuleziak eta akatsak aurpegiratzen. Zein dotorea, atsegina, aberatsa eta gizartearentzat benetan onuragarria zatekeen helburu orokorrak, funtsezkoak, justizia eta berdintasun bide eraikitzaileak aurkitzen ahaleginduko bagina. Ezker abertzaleak badu zer eginik tentazio horietan erortzeke. Baina aurkarien planteamenduak zorrotz aireratuta, ulergarri ipintzeko ezinbestekoa da norberak dituen planteamenduak argi eta kartsu gizartearen aurrean jartzea.
Adibide bat erabiliko dut, pittin bat behartua. Arbolaren enborra sustraiari ongi itsatsia egon dadila; adar, hosto, kimu eta lorez hornitua. Jarraian fruituak eta haziak erneko dira hirietan eta herrietan. Baina, enborretik hasita, prozesu osoa bermatu behar da. Egokia litzateke liburuxka bat ateratzea, arbolaren zati guztiak laburki, gozoki, eta pedagogikoki bilduko dituena. Egiten diren debate, tertulia, eta abarretan azalkeriatan eta berba potoloetan artifizialki ibili gabe.