Hauteskundeak ez omen ziren fidagarriak izan. Horra Rodrigo Zapateroren erantzuna: "Garbiak ez direla izan esaten dutenak arduragabeak dira, aurreiritziak eragindako dogmatikoak. Ondorio beldurgarriak gerta daitezke. Lotsagarria eta injustua da...". Komunikabideak mutu. Estatu Batuetako presidenteak, Venezuelako Maduro bota edo seko hil, eta Guaido, Ipar Amerikako Inteligentzia Zerbitzuak hezi eta ipinitako figura karguan ezarri du. Europan, eta Espainiako Sanchez prozesioan lehena, Trump jaunaren turutari erantzunaz tropelean sartu dira Venezuelako Maduro hankaz gora jaurti nahian. Hipokrita guztiak jendarmearen batuta azpian.
Herriak bozkatu ez duen Sanchez presidenteak Guaido Venezuelako presidente izendatu du, Zapaterori entzungor eginaz. P(SO)E, ahula bazegoen, orain lurrean hobia egiten ari da. Sanchezen karrera politikoa amaitu da. Pena ematen didate, sozialisten artean, SO sigla maite eta bizi dutenek.