... kanposantu bihurtzen ari direla. Astean zehar txori etxe eta asteburuetan atseden leku. Etxe politak bai, baina lurrik ez, berotasunik ez.
Orain beste zama bat datorkio Bizkaiko baserritarrari: ukuiluan dituzten ganaduak sakrifikatzeko hiltegirik ez. Bilbokoa aurrena eta Durangokoa orain itxi dituzte eta Bizkaia hiltegirik gabe gelditu da. Berrizen, berria eraikitzeko proiektua egina dago Erralde Elkartearen eskutik. Berria egin bitartean Durangokoa baldintza egokietara jarri badute ere, ateak zerratzeko agindua jaso dute.
Baserritarrak zer egin dezake? 3.000 bezero airean gelditzen dira. Gipuzkoak lau hiltoki ditu martxan, Bizkaiak bat ere ez. Korta, hiltegi eta harategi ibilbidea benetan neketsua da abereentzat zein baserritarrentzat. Aldundiari dirudienez bost axola, entzungor egin du. 10.000 buru hil dituzte igaro den urtean. Bada zerbait! Aldundiak proiektuan parte hartuko balu, bere ardura izanik, aurrekontutik %0,5 horretarako enplegatzea aski litzateke Berrizko proiektua martxan jartzeko. Itxaron dezaketen zenbait azpiegitura eta eraikin faraonikotan eskuzabalak dira. Baina baserriak eta bertako produktuak bultzatzeko sosik ez dago. Ez omen da errentagarria. Segi handikerietan eta lotsagabe. Baserritarrak kontuan hartzen dira soilik botoa emateko garaian.