... salatu eta aldarrikatu du herri txiki hau letxugak sartzeko lurrik gabe gelditzen ari dela. Politikarien aldetik, entzungor ohi denez.
Abiadura Handiko Trena, autopistak, autobiak, zer ez da egin lur muturtxo honetan. Txoriek habia non egin ez dakitela jarri da. Eta azpiegitura horiek gutxi ez balira, mehatxu larriagoa, etxegintza.
Baserri etxe dotoreak, zaharrak berritu eta berriak jasotzen ari dira lur eremu ederrenetan. Kantabria isuriko Euskal Herriko herrietatik txango bat egitea aski da, etxe ederrik leku onenetan ikusteko. Eskerrak krisi honek, pittin bat ez bada ere, moteldu egin duen kalentura horren kaltea.
Aipatutako eremuan toki erosoenak eraikinez betetzen ari dira. Aste barruan hutsik eta aste bukaeretan noizbehinka atseden leku bihurtu dira. Gainbegiratu batean kanposantuetako panteoiak dirudite. Dotoreak bai, baina hilak. Lurrak berari dagokiona emateko tokirik gabe. Antzuak.
Ama lurra ez hazirik ez landarerik, ez txoririk ez apixarik ezer ez bererik. Eraikin dotorez hornitutako kanposantu bihurtzen ari gara gure lurra. Requiem… atseden, ama lurrarentzat, esker txarreko gizarte boboaren partetik.