Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren datuen arabera, hiri txikietako eta ertainetako hirigune historikoetan merkataritza-lokalen %20 eta %30 artean hutsik daude. Bide berari jarraiki, Euskadik, hamar urtean, 5.658 txikizkako saltoki eta 2.114 saltoki nagusi galdu ditu.
Hutsik dauden saltokiak etxebizitza bihurtzeko joera gero eta handiagoa da. Adibidez, Iruñean 200 saltoki baino gehiago etxebizitza bihurtu dira azken lau urteetan. Zaragozan, berriz, udal-araudia 2021ean onartu zenetik, 68 lizentzia eman dira, eta 103 etxebizitza sortu.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren arabera, Euskadin 21.300 bat saltoki hutsik daude. Horietatik, 7.500 etxebizitza bihur daitezke; denden %36. Izan ere, baldintzak betetzen dituzte etxebizitza bihurtzeko.
Espainiako Estatuko hiri ugarik saltokiak etxebizitza bihurtzeko araudi zehatzak garatu dituzte; besteak beste, honako hauek: Madril, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza, Coruña, Bilbo eta Iruñea.
Donostiak bere araudiaren tramitazioa 2026. urtearen amaieran amaitzea aurreikusi du; era berean, Arrasateko Udalak bere araudia 2027an zehar garatuko duela adierazi du.
Araudiak garatzeaz gain, gure udalek proiektu eredugarriak egin beharko lituzkete, bai kalitate maila egokia aldarrikatzeko, baita adibide ikusgarriak sortzeko ere, ondoren banakako beste proiektu pribatu batzuetan jarraibide gisa erabili daitezen.
Horrela, herritar interesdunen eta etxebizitza-salmenta agentzien interesa uztartuz, udalek proiektu eredugarriak garatu ditzakete, araudi berriak jarraituz eta barne-diseinuaren nahiz kanpo-diseinuaren teknika eredugarriak erabiliz.