Arazo hori bereziki nabarmentzen dute gazteek; izan ere, beren burujabetza lortzeko ezinbesteko baldintza da etxea lortzea. Debagoienean 812 gazte daude egoera horretan.
Bestalde, gure etxebizitzen batez besteko adina 44 urtekoa da; zaharrak dira, alegia. Hori gutxi ez balitz, Debagoieneko alde zaharrak behera egiten dabiltza. Ondorioz, gure hiritarretatik %57k uste dute etxebizitzarena dela daukagun arazo nagusia.
Horren guztiaren eraginez, Arrasatek dagoeneko gune tenkatu izendapena lortu du eta Bergarako eta Oñatiko udalak pausoak ematen ari dira bide horretan.
Udalek badute ahalmenik etxebizitza alorrean, hala nola hirigintza arautzea, lurzoruaren lagapena, etxebizitzaren sustapena eta, azkenik, birgaiketa nahiz kontserbazioa. Gure artean ez bezala, ardura horiek betetzeko, udal handiek etxebizitza-batzordeak eta institutuak garatu dituzte aspalditik.
Etorkizunera begira, ordea, herritarren beharrei erantzun nahi bazaie, gure udalek ere etxebizitza-politika osoa garatu behako dute. Bide horretan, Europako Batzordearen Etxebizitza Eskuragarrien Europako Plangintzaren eta Eusko Legebiltzarraren Etxebizitzarako Premiazko Neurrien 2025 Legearen bitartez bideratuko dituzten laguntzak izan ditzakete eskura.
Hori guztia kontuan izanda, iruditzen zait etxebizitza-politika 2027ko udal hauteskundeetako gako nagusi bihurtu litekeela, eta, ondorioz, alderdi politikoek beroni erantzun zehatza eman beharko diotela hauteskundeetarako programetan. Udal etxebizitza-batzordeak sortu beharko dira, eta bertan arituko direnek gaitasun zehatzak garatu beharko dituzte: ekintzailetza eta proiektuen kudeaketa gaitasuna, besteak beste.