Tamalez, Debagoieneko alde zaharrak behera egiten dabiltza pixkanaka -pixkanaka, hainbat faktoreren ondorioz; izan ere, hirigune historikoei eragiten dieten arazo ugarien artean, biztanleriaren zahartzea, denda txikien desagerpena, eraikinen kontserbazio-egoera txarra eta azpiegiturarik eza eta egungo bizitzara egokitzeko zailtasunak aipa ditzakegu.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren arabera, gure bailarako herri gehienetan etxebizitza-eskaria izugarri egiten dabil gora. Esate baterako, Arrasateri dagokionez etxebizitza-eskaria % 42 igo da urtebetean, eta 2024. urtearen amaierarako 1.190 etxebizitza behar omen ziren.
Joan den abenduan, Europako Batzordeak Etxebizitza Eskuragarrien Europako Plangintza onartu zuen. Garai berean, Eusko Legebiltzarrak Etxebizitzarako Premiazko Neurrien 2025 Legea onartu zuen. Bestalde, duela egun batzuk, Eusko Jaurlaritzak 8,3 milioi onartu ditu Debabarreneko hiri-birgaitze proiektuetarako.
Beraz, dela Europako Batzordearen eskutik, dela Jaurlaritzaren eskutik, aukerak egon daitezke Debagoieneko alde zaharrak eraberritzeko proiektu jator bat antolatzeko. Horretarako, sei edo zazpi herri elkartu beharko lirateke zaharberritze proiektu amankomuna garatzeko.
Diruari dagokionez, aipatu dirulaguntzez gain, kontuan hartu behar da eraikitako edo birgaitutako etxebizitzak saldu egin litezkeela samur, eta, beraz, egitasmo horrek ez liekeela Debagoieneko udalei inolako galerarik ekarriko. Aitzitik, diru pixka bat ere irabaz lezakete, nahiz eta hori ez izan halako proiektu baten helburua.